XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ederki, baina lehenago beste zerbait esan behar diat.

Zabaletara nola etorri zen.

Antzeko egun batetan jakin zuten kurtzetarrek gerra bat, beste bat, libratzen ari zela ordurarte deskantsuan egon zen lur gainean.

Gerrak, Kurtzetan, beti sentitzen ziren nahiz eta beti urrutian piztuak izan.

Inular gorrien antzekoak ziren, ikusgarriak, lekutuak, baina pairatzen ziren bertan baleude bezala.

Azkenean, gerra etxeraino etorri zitzaien, Kurtzetan senar-emazteaz aparte poliki-poliki hazitako bi seme, Fermin eta Jaime, bizi zirelarik.

Gerra mugimendua da, atarramendua, aparatosidadea.

Gerra Kurtzetara kamioietan etorri zen.

Buzo urdinak eta fusilak zituzten bertan iritsitako gizonek, guztiak sasoikoak.

Ezkien plazan bildu zuten jende guztia eta don Antonio apaizaz galde egin zuten preso eramateko zela esanaz.

Don Antoniok ordea lehenago egin zuen ospa, obispoak garai nahasiak zetozela esan zionean gertatuko zenaz jakinean jarriz.

Herri osoa arakatu zuten, zoko guztiak miatu baina ez zuten kausitu.

Diskurtsoak ere egon ziren.

Etorri zen haietako batek, buru egiten zuenak, lurra lan egiten zuenarena zela aldarrikatu zien, ez beste inorena eta gordetzeko kendu nahi zietengandik, lurrean etorkizuna landatuta zegoela, gizona hilez gero berak irauten zuelako.

Eta gerrarena adierazi zien ere, (...).